XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Kanpaiak dilin-dalan!; mihiak dilin-dalan! Zoragarria!.
Leihora lasterka egin, alderen alde zabaldu eta burua kanpora atera zuen: lainoaren arrastorik ez; eguratsa garden, alai, adoretsu, odola dantza egitera bultzatzen zuena; eguzki-argi distiratsua, zeru loriatsua, aire hozkirri atsegina, kanpai alaiak... Aintzatsua, guztiz aintzatsua!.
- Zer egunetan gaude?- oihu egin zuen Scroogek, jaietako jantziz eta agian nagikerian handik begiluzeka kalean zehar zebilen mutiko bati.
- Zer diozu?- erantzun zion mutikoak, adieraz zezakeen harrimen guztiaz.
- Zer egun den gaur galdetu diat, motel.
- Gaur?- esan zion mutikoak. Gabon-eguna!.
- Gabon-eguna?- esan zuen Scroogek bere golkorako.
Zorionez, ez dut galdu.
Izpirituek gau bakar batetan egin dute dena. Jakina! Adi ezak, mutil ona!.
- Kaixo!- erantzun zion mutikoak.
- Ba al dakik non dagoen oilasko denda, hurrengo kalearen ertzekoa ez, bigarrenekoa.
- Baietz uste dut - erantzun zion gaztetxoak.
- Hau duk mutila hau!- bota zuen Scroogek.
Mutiko argia benetan! Ba al dakik han zintzilik zeukaten indioilar hura saldu duten? Txikiena ez, handiena baizik.
- Zein? Ni bezain handia den hura?- galdetu zuen gaztetxoak.
- Mutiko zoragarria benetan!- esan zuen Scroogek.
Atsegina ematen du honekin hitz egiteak.
Bai, huraxe bera, pottoka hori!.